Debagoieneko Mankomunitateak hondakinak hobeto sailkatzeko "Kalitatez bereizi, Hondakinak sailkatu" kanpaina abiatu du

2019/01/23

Azken urteotan, Debagoienean hondakinen gaikako bilketak gorakada nabarmena izan du, inguruko eskualdeen erreferente bilakatu delarik. Emaitzak zoriontzekoak dira, baina, era berean, badugu zertan hobetu.

Izan ere, azken hilabeteotan hondakinen bilketan inpropio-maila nabarmen igo da, bereizketaren kalitatea kaltetuz, organikoaren kasuan bereziki. Bestalde, hainbat intzidentzia ere antzeman dira, besteak beste traste zaharrak ateratzeko egutegia ez errespetatzea eta kartoiak lekuz kanpo uztea.

Ezinbestekoa da joera horiek zuzentzea, hondakinen kudeaketa era arduratsuan egin eta Debagoienak eredu izaten jarrai dezan, hondakinak egoki sailkatuz eta kalitatezko bereizketa lortuz.

Hori dela eta, Debagoieneko Mankomunitateak "Kalitatez bereizi, hondakinak sailkatu" kanpaina martxan jarri du, eta horren barruan, datorren astelehenetik aurrera zalantzak argitzeko eskualdeko etxe guztietan eskuorriak banatuko dira. Eskuorrian bertan galdetegi bat dago lau galdera erraz dituena; ondo erantzuten dituzten herritarrei lanyard bat oparituko zaie edukiontzirako txartela edo giltzatakoa jartzeko. Betetako galdetegia herrietako udaletxeetan, herritarren arreta zerbitzuetan eta mankomunitatean entregatu behar da; edo nahi izanez gero, on-line ere bete daiteke.

Kanpainak aurrera egin ahala, beste ekintza batzuk ere aurreikusten dira; hala nola, atarietan jarriko diren kartel informatiboak, sare sozialen bitartez zabalduko diren bideoak, gif-ak eta abar.

Kalitatez bereizi, hondakinak sailkatu. Besteon ahalegina ez kaltetu!