Kode zibilaren 396. Artikulua
Eraikinaren pisu edo lokalak nahiz horien zatiak, eraikin horren osagai erkide batera edo herri-bidera berezko irteera izateagatik, modu independentean aprobetxa badaitezke, jabetza bananduaren objektu izan daitezke, eta jabetza banandu horri jabekidetasun-eskubidea datxekio eraikinaren osagai erkideen gainean; osagai erkideak dira eraikina egoki erabili eta lupertzeko beharrezkoak diren guztiak, besteak beste, lurra, lurgaina, zimentazioak eta gainaldeak; egiturako osagaiak, eta, horien artean, zutabe, habe, solairu eta zama-hormak; fatxadak, terraza, balkoi eta leihoen kanpoko gainestalkiekin batera, euren irudi edo itxuraketa, eurok eratzen dituzten itxitura-osagaiak eta haien kanpoko gainestalkiak barne; ataria, eskailerak, atezaindegiak, korridoreak, igarobideak, murruak, zuloak, patioak, putzuak eta igogailu, gordailu, zenbakailu, telefono edo beste zerbitzu nahiz instalazio erkide batzuetarako destinaturiko barrunbeak, baita erabilera pribatiboa dutenak ere; igogailuak, eta ur, gas edo elektrizitatearen hustuketa nahiz hornidurarako instalazio, ekarketa eta biderakuntzak, baita eguzkiaren energia aprobetxatzeko balio dutenak ere; garbitzeko ur beroarenak, berogailuak, aire girotuarenak, kea egurastu edo husteko balio dutenak; suteak atzeman eta horien aurreneurriak hartzeko balio dutenak; irekigailu automatikoa eta eraikinaren segurtasunerako balio duten bestelakoak, bai eta antena kolektiboak eta ikus-entzunezko edo telekomunikazioko zerbitzuen gainerako instalazioak ere, horiek guztiak espazio pribatiboan sartu arte; zortasunak eta bestelako osagai material nahiz juridikoak, euren izaera edo xedearengatik, zatiezinak badira.
Jabekidetasunaren mendeko osagaiak ezin dira inola ere zatitu; zatiok osagai pribatibo jakin baten eranskin banaezinak direnez gero, horrekin batera bakarrik besterendu, kargatu edo enbargatu ahal izango dira.
Pisu edo lokala besterentzen bada, gainerako pisu edo lokalen jabeek, titulu horren bidez bakarrik, ez dute eroslehentasun- eskubiderik izango, ezta atzera-eskuratzeko eskubiderik ere.
Lege-xedapen bereziek, eta, horiek ahalbidetzen duten neurrian, interesdunen borondateak arautzen dute jabetzaren forma hori.