Eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria

Error message

  • Warning: include(/var/www/vhosts/debagoiena/httpdocs/modules/openid/part2openid-rtl.css): failed to open stream: No such file or directory in include() (line 4 of /srv/www/debagoiena/httpdocs/sites/default/settings.php).
  • Warning: include(): Failed opening '/var/www/vhosts/debagoiena/httpdocs/modules/openid/part2openid-rtl.css' for inclusion (include_path='.:/usr/share/php') in include() (line 4 of /srv/www/debagoiena/httpdocs/sites/default/settings.php).

Europar Batasuneko eraikinen eraginkortasun energetikoa sustatze aldera, erkidegoko araudiak xedatu du eraikinek energia-ziurtagiri bat izan beharko dutela.

Gehiago aurreztea eta eraginkortasuna sustatzea da xedea, bai eta eraikinak balioetsi eta alderatu ahal izatea ere, eraginkortasun handiena dutenak eta energia aurrezteko inbertsio gehien egin dituztenak sustatu ahal izateko. Eraikinak energiaren ikuspegitik birgaitzeko egiten diren inbertsioek eragin zuzena dute energia-gastuan, eta, beraz, fakturetan energia eta dirua aurreztea dakarte.

Zer dira eraikin baten energia kalifikazioa eta energia ziurtapena?

Funtzionamendu –eta okupazio- baldintza normaletan eraikin baten energia-eskariari aurre egiteko behar den energia-kontsumoa kalkulatzean ateratzen den emaitza da energia-kalifikazioa. Eraikinak zazpi letrako serie batean sailkatzen ditu; G letrak esan nahi du eraikina eraginkortasun txikienekoa dela, eta A letrak, berriz, eraginkortasun handienekoa, energia-kontsumoari eta CO2 emisioei dagokienez, antzeko mota eta toki bateko oinarrizko eraikin batekin alderatuta. Eraikin baten energia-kalifikazioa emateko prozesua da energia-ziurtapena, eta eraginkortasun energetikoaren ziurtagiri eta etiketa bat ematen dira horren bidez.

  • Eskuratutako energia-kalifikazioa egiaztatzen duen agiria da energia-ziurtagiria, eta eraikinaren eraginkortasun energetikoaren etiketa emateko aukera ematen du.
  • Eraikinak edo eraikinaren zati batek eskuratutako eraginkortasun energetikoaren kalifikazio-maila adierazten duen bereizgarria da energia-etiketa.

Zertarako balio du eraikinen eraginkortasun energetikoa ziurtatzeak?

Energia-ziurtapenak informazio erabilgarria eskaintzen dio erabiltzaileari erosi edo alokatu nahi duen eraikinaren edo etxebizitzaren energia-jokabidearen gainean. Era berean, eraginkortasun energetikoa hobetzeko aukerak emango dizkio erabiltzaileari, lehendik eraikita zeuden eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtagirietan gomendioak ere jasoko baitira.

Zer eraikinek eduki behar dute derrigorrean eraginkortasun energetikoaren ziurtagiri bat?

  1. Eraiki berri diren eraikinek.
  2. Saldu egingo diren edo beste errentari bati alokatuko zaizkion eraikinek edo eraikin-zatiek. Eraikinaren zatitzat jotzen dira eraikin edo lokal batean aparteko erabilera bat edo titulartasun juridiko desberdina duten eta aparteko moduan erabiltzeko diseinatu diren unitateak, solairuak, etxebizitzak edo apartamenduak.
  3. Eusko Jaurlaritzako diru-laguntzak eskatu eta Erakinen Ikuskaritza Teknikoa (EIT) egitea behartuak dauden eraikinak, energia-ziurtagiria EITak bere barnean jasotzen baitu.

Zeintzuk dira-sustatzailea edo jabearen ardurak?

  • Eraginkortasun energetikoaren ziurtapena gauzatzeko enkargua ematea teknikari ziurtatzaile bati.
  • Eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria Eusko Jaurlaritzako industria sailaren eta www.euskadi.eus web-orriko erregistroan inskribatzea, edo teknikari ziurtatzailearen bidez egitea hori.
  • Eraikinaren energia-etiketa sartzea saltzeko edo alokatzeko eskaintza, sustapen eta iragarki guztietan.
  • Herritarrak eraikin jakin batera joaten badira maiz, etiketak ikusgai egon behar du.
  • Higiezina salduz gero, energia-ziurtagiria eta energia-etiketa ematea jabe berriari, edo, alokatu egiten bada, horien kopia bat ematea maizterrari.
  • Kalifikazioa A, B edo C bada, aldeko txostena egiteko enkargua ematea kanpo kontrolerako gaituta dagoen eragile bati. Txosten hori ere erregistroan sartuko da ziurtagiriarekin batera.
  • Jatorrizko dokumentazioa gordetzea.
  • Ziurtagiria berritzea iraungitakoan (hamar urteko baliozkotasuna du), edo eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria eguneratzea energia-kalifikazioa aldatzen duten berrikuntzak egiten badira (galdara berria jartzea, leiho berriak jartzea, inguratzailean isolamendua jartzea, energia berriztagarriak jartzea edo kentzea, airea girotzeko eta/edo ACSrako erregai-mota aldatzea, etab.).

Zer datu jaso behar ditu eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriak?

Honako hauek jaso behar ditu ziurtagiriak:

  1. Eraikinaren identifikazio-datuak: eraikinaren izena, helbidea, katastro-erreferentzia, etab.
  2. Kalifikazioa gauzatzeko zer prozedura onartu erabili den.
  3. Eraikuntza-unean aurrezteari eta eraginkortasun energetikoari buruzko zer araudi zen aplikagarri.
  4. Eraikinaren ezaugarri energetikoak: inguratzailea, instalazioak, konfort termikoko baldintzak, argiak, barneko airearen kalitatea.
  5. Eraginkortasun energetikoko zer kalifikazio eskuratu den. Lehendik eraikita zeuden eraikinei dagokienez, gainera, honako hau ere jaso beharko du:
  6. Eraginkortasun energetikoko maila optimoak edo errentagarriak hobetzeko gomendioen dokumentua.

Eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria iraungitzen al da?

Eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriak 10 urtez balioko du gehienez.

Nolakoa izango da eraginkortasun energetikoaren etiketa?

Eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria