Zero zabor bidean

Zero zabor helburu bat da. Gure eguneroko jardunean erabili behar ditugun materialak alferrik galdu eta elementu kutsakor bihurtzen ez uztean datzan helburua. Helburu horretara iristeko jarraibideak honela labur daitezke:

Produktuak berrerabili eta birziklatzeko diseinatzea, baldintza betetzen ez duten produktuentzako bi aukera uzten direlarik:

  • Produktua berdiseinatzea.
  • Produktua sistematik at uztea.

Gipuzkoa zero zabor

Zero Zabor azken helburu bat da, erreferentzi bat. Norabide bat markatzen digu. Badakigu ez garela helburu horretara egun batetik bestera pasako.  Baina epe motzean egin daitezkeen aurrerapauso asko daude, eta norabide horretan etengabeko hobekuntzan ekiteko programa bat beharrezkoa da. Jarraibide hoiek bete ahal izateko hartu beharreko neurri sorta zehaztean eta xede horretarako epe eta baliabideak ezartzean datza Zero Zabor programa. Zero zabor programa batek aurrera egiteko urratsak zehazteaz gain, aurrerabidean oztopo izan daitezkeen azpiegitura eta inbertsioak ekidin behar ditu. Zero zabor programaren ezaugarrietan sakondu aurretik, gaur egun hondakinekin daukagun arazoa azaltzea komeni da, konponbidearen beharraz jabetu eta hau nondik etor daitekeen kokatze aldera.

Ezertan hasi aurretik oinarrizko bi kontzeptu argitzea beharrezkoa da eta bakoitzaz aritzeko erabili beharreko terminoak zein diren ere bai:

Hondakina ≠ Zaborra

Hondakina: Erabili ondoren, daukanarentzat erabilgarria izateari utzi dion produktua da. Produktu hori edota produktu hori osatzen duten materialeek balioa izan dezakete, birziklatu eta produktu berrien ekoizpenean erabiltzen badira. Hondakin atalak (papera, beira, ontziak…) nahasten ez badira, bereziki atal organikoarekin nahasten ez badira, garbiak dira eta ez dute kiratsik isurtzen. Beraz, hondakinak berez ez dira arazoa, lehengai garrantsitsua baizik.

Zaborra: Inolako baliorik ez daukaten gauzek osatzen dute. Ohikoa da zaborra hondakin atalak nahasterakoan sortzea. Hondakinak nahasteak berreskuraezin egiten ditu materialak. Zaborra ezin da erabili produktu berriak ekoizteko eta arazoak sortzen ditu. Arazo hauek zabor horren tipologiaren araberakoak dira (osasun arazoak, kiratsa, kutsadura, espazio arazoa, plagak…).

Iturria: http://www.gipuzkoazz.com/zerozabor/zero-zabor-helburu-objetivo-cero-basuras/zero-zabor-azalpena/